KANTUAREN ERABILERA AMA-ESKOLAN

Ez da ikerketa handiren egiteko beharrik ohartzeko kantuak duen garrantziaz Euskal Herrian. Euskal kantuek ohidura, baloreak eta jakintza transmititzen dizkigute, belaunaldiz belaunaldi. Euskal kultura oraindik nortasunez azkarra izanki, lurralde hau kantuari lotzen dugu, tradizionalenetik modernoenera. Gaur egun, ama-ikastolan kantua anitz erabilia da Euskal Herrian baita munduko beste hainbat herritan ere. Baina hau ez da beti hala izan…

1819ko ekainaren 23an, Frantziako lurraldea, beraz, Euskal Herri Iparraldean ere, lehen aldiko kantua eta musika gehitzen dira ikasketa programan, Instrukzioaren gizarte bulegoaren kontseiluan. Garai horretan, Guillaume Louis Bocquillon ministroak ministeritza utzi zuen musikaz bizitzeko. Estatuak galde egin zion irakaskuntza programa baten sortzea, musikan eta kantuan zentraturik.

Lan hori emankorra izan da, 1821an 288 abesbatzen kantu bilduma bat atera zuelako.

Urte batzuk beranduago, 1853an, Louis-Napoléonek kantu herrikoien bilketa plantan eman zuen, helburua izanki dena frantsesera itzultzea. Dudarik gabe, lan honen inguruko ideologia argia zen, frantses nazionalismoaren sustatzea, alegia. III. errepublikako tokiko hizkuntzen garai iluna bazterrera utzita, jauzi bat egin dezagun XXI. mendera.

Gaur egun, kantuaren eta musikaren bidez irakastea biziki modan da, geroz eta erabiliagoa den teknika baita.

Ama-eskolan musika eta kantuaren erabileraz mintzo garenean, kontuan hartu behar dugu erabilera horiek anitzak direla, eta kasu honetan, hiru direla nagusien: «hiztegia eta hizkuntza», «erritmoa eta motrizitatea» eta «musika-terapia».

«Hiztegia eta hizkuntza»ri dagokionez, kantuak onura asko ekar diezaioke haurrari, izan ere, esaldien errepikapenaz, artikulazioa, ahozkapen egokia eta egitura gramatikalak lantzen ditu ikasleak. Nolabait, kantu bat ikastean, haurrak egiturak eta hitzak gogoan sarrarazten ditu, konturatu gabe, mintzatzeko garaian errazago erabiliz ikasitako formak eta elementuak. Gainera, ahozkotasuna lantzeaz aparte, errimen erabilerak kontzientzia fonologikoa pizten du haurrengan , bai eta idazketa-irakurketa prozesuan barna sartzen. Kantu hauek, hots, hiztegia eta hizkuntza lantzeko erabiltzen direnak, gogoan hartzeko errazak izan behar dira, ikasleak laster ikas ditzan, eta horretarako onomatopeiak edo soinuak erabil daitezke, Imanol Urbietak sarri egiten zuen bezala.

Hizkuntzari loturik daude kantuak ezinbestean, baina hauekin «erritmoa eta motrizitatea» landu daitezke ere bai. Ama-ikastolako garaian, haurra bere gorputza espazioan kokatzen dela ulertzen hasten da, kontziente da horrekiko, eta horretarako gorputza ezagutzen hasi behar da. Hori lantzeko psikomotrizitatea edo jolasmotrizitatea erabiltzen da, funtsean «mugimendua» landuz. Mugimendu horri, beraz, musika eta hitzak gehituko zaizkio, eta haurra gutxinaka bere gorputza eta espazioa ezagutzen hasiko da. Ezinbestekoa da, beraz, ondoko kontzeptuak ulertzea eta egiteko gai izatea: gora, behera, aitzina/aurrera, gibelera/atzera, eskuin, ezker, barnean, kanpoan….

Musika eta kantuarekin, gainera, «musika-terapia» delakoa landu daiteke, hots, xede terapeutikoa duen musikaren aplikazioa. Musikaren osagai ezberdinek (erritmoa, melodia, bolumena…) adierazpen ezberdinak sortzeko balio dute, eta hauen laguntzaz, terapia erabiltzen da haurrengan aldaketak sortzeko. Musika-terapiak ahozkoa ez den komunikazioa ahalbidetzen du, eta, horren bidez, zailtasun batzuk tratatu daitezke, helburuak prebentzioa, diagnosia eta terapia bera izanik, eta ez soilik kulturala, artistikoa eta estetikoa. Eritasun psikikoetaz, mugitzeko urritasunaz edota desgaitasun intelektualaz gain, zailtasun «arruntago»ak aurkituko ditugu gehienbat ama-ikastoletan, eta horiek hobetzeko balioko digu musika-terapiak (kontzentratzeko zailtasunak, irakasleari kasurik ez, lotsatiak izatea, lagunik ez izatea…)

Ama-ikastolan egindako lanek, dudarik gabe, ondoko urteetako ikaspen garrantzitsuetara bideratzen gaituzte eta, ikaspen horien artean, idaztearena eta irakurtzearena. Michel FAYOLek dio :

« Il existe en effet une prédisposition biologique, héritée des milliers d’années d’évolution, qui permet aux êtres humains de s’approprier les caractéristiques et les usages de l’oral. ».      

(Aurrejoera biologiko bat badago, milaka urteko eboluziotik eratorria, ahozkotasunaren ezaugarri eta baliapena barneratzea ahalbidetzen duena gizakiengan.)

Egia da sortu aurretik haurra gai dela amaren ahotsaren aditzeko eta intonazioa ezagutzeko. Sortze ondotik, komunikatzeko gaitasuna izango du ere haurrak, lehenik negarraren bidez. Beranduago hasiko da soinu bokalikoen ekoizten, irri egiten eta sei hilabete inguru dituelarik silabak sortzen. Heldua hitz egiten entzuten ikasten du haurrak, batez ere helduak hitzaren ahoskatzeari objektu edo ekintza bati erreferentzia gehitzen badio (keinuei esker adibidez). Haurrak imitazioz ahoskatzen du eta ikusmenari esker ulertzen helduak esandakoa, eta modu horretan pixkanaka hitzegiten ikasten du.

Hizkuntzaren jabekuntza prozesuan, idatziarekiko harremana oso garrantzitsua da. Idazketaren lehen emaitzak ama eskolan ditugu, marrazkiaren bidez eginak lehenik, eta ondotik irakaslearekin egindako motrizitate ariketen bidez (lerroak, borobilak, hirukiak marraztuz).

Luzaz pentsatu izan da irakurketa eta idazketa bereiztutako bi aktibitate zirela, baina Célestin Freinet eta Maria Montessori pedagogoek azpimarratzen dute irakurketaren garrantzia idazketaren ikasketan. Geroztik, biak bereiziezinak dira eskolan emandako irakaspenetan. Sophie GUILLOUk dio :

« Pour pouvoir entrer dans l’écrit, l’enfant doit au préalable montrer un bonne maîtrise de la langue orale. Celle-ci développe en effet différentes compétences qui lui seront indispensables quand il apprendra à lire. »        

(Idatzian sartu ahal izaiteko, haurrak lehenik ahozko hizkuntza ongi menperatu behar du. Horrek irakurtzen ikasteko ezinbesteko gaitasunak garatzen baititu.)

« Apprendre à lire, c’est apprendre à reconnaître ce que l’on connaît déjà sous une forme orale. »    

(Irakurtzen ikastea, ahozko forma batean dagoeneko dakiguna ezagutzea da.)

Irakurtzea kodigo baten deskodetzea da eta ama eskolatik aurrera hizkiak ezagutzen ikasten du haurrak eta horri esker bere izena idazten. Ikasleek grafia barneratzen dutenean fonologia ere landua da, idatzitako ikurra eta soinuaren arteko lotura egin dezan haurrak. Hizki bakarretik silabara pasatzen dira, ondotik hitzera eta bukatzeko esaldira, teknika berarekin. Batzuetan, hitz osoaren itxura memorizatu du haurrak eta, horri esker azkarrago irakur ditzake esaldiaren pasarte batzuk.

Azkenik, gramatikaren jabekuntza aipatu behar dugu. Hizkuntzaren jabekuntzaren atal nagusi bat da gramatika eta, hori ere ahoz barneratzen da, lehenik, bi hitz ondoan kokatuz, pixkanaka esaldiak osatzeko (haurraren hiztegian hitzak gehitzen diren ber, esaldiak osatzen dira). Hasieran, helduak ahoskatutako esaldiak errepikatuz, buruz ikasi gabe esaldien formak barneratzen ditu (aditzak, izenak eta subjektuak ezagutzen ditu) eta bere lehen esaldiak osatzen ditu. Hutsak daude hastapenean, baina helduen laguntzarekin (zuzenketak eginez) hobetzen doa haurra hizkuntza ongi menperatu arte. Eskolan, berantago, esaldiaren analisitik abiatzen da gramatikaren ikaskuntza. Adibidez, esaldi batean hitzen ordena ulertzen saiatzean, edo izen baten funtzioa aipatzean. Ondotik, ikasgai formalagoa egiten da eta azkenik ikasgaiaren inguruko ariketa batzuk.

Kantuaren erabilerak ama-ikastolan, beraz, ondorengo urteetan eginen den lana laguntzen du. Kantatzean, ahozkotasunaren praktika handiari esker lehenik, hitz berrien deskubritze, ulertze eta ahoskatzea lantzen da. Aipatu behar da esaldien formen barneratzea laguntzen duela baita ere, eta hizkuntza baliarazten duela. Egia da eskolan, entzumen egoera nagusi dela erakasleak kurtsoa ematen baitu, baina, kantatzean, berriz, haurrak aktore bilakatzen dira eta entzumenaz gain hizketa lantzen dute. Hizkuntzaz gain, garrantzitsua da, beraz, haurrak heziak izan daitezen kantuz, alde batetik Euskal Herriko kulturaz jabetzeko, eta, bestetik, frogatua izan baita onura anitz dituela ikasteko garaian.

Join the Conversation

1 Comment

Leave a comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Tresna-barrara saltatu